Deustuko Ikastola IPI bat da (Ikastetxe Publikoa Integrala). Honek hezkuntzan beharrezkoak diren hiru etapa (Haur Hezkuntza, Lehen hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) batzen dituela adierazten du. Hiru hezkuntza etapak batera izateak abantaila asko ditu: ikasle eta familien ezagutza eta jarraipena 2 urteko gelan sartzen direnetik DBH 4 maila amaitu arte, ikasleen arteko elkartrukeak, etapen arteko koordinaketa - Pedagogi Batzordea -, familientzako erosotasuna…; baina zailtasun batzuk ere agertzen dira: egutegiak eta ordutegiak bateratzea, espazioen banaketak...
Deustuko Ikastolak bi lerro ditu maila guztietan, DBHn izan ezik, hiru direlarik..
Deustuko Ikastola euskalduna, demokratikoa, ingurunean errotua, hezkidetzarekin konprometitua, desberdintasunaren orekatzailea eta aniztasunaren integratzailea da.
Euskararen eta Euskal Kulturaren transmisio, garapen, normalizazioa eta potentzia-zioarekin guztiz konprometituta. Euskal Herriko izaera, nortasuna eta kultur berezitasunak bereziki zaindu eta bultzatuko dira Deustuko Ikastolan.
Hau guzti hau betetzeko oinarri batzuk bete beharko dira:
Deustuko Ikastolaren sorreratik estamentu guztien parte-hartzea oso garrantzitsua izan da, beraz, komunitate osoaren parte-hartzea eta elkarrekin lan egitea bultzatuko da, parekidetasuna eta guztion eskubideak bermatuz.
Aurretik aipatzen den moduan, Deustu auzoan kokatzen da Ikastola, beraz, berton ditugu gure sustraiak eta eguneroko erreferentziak. Deustuko ohiturak, tradizioak eta kezkak kontutan hartuko ditugu eta gure helburuekin bat datozen ekintza, mugimendu eta jaietan parte hartzen saiatuko gara.
Gizakiok batak bestearengandik asko ikasi ahal dugu. Neskak eta mutilen arteko harremanak hezkuntzako inguruan aberasgarriak dira oso, eta Ikastolaren lana inguru egokia eskaintzea izango da.
Sexuen arteko berdintasuna garatu nahi dugu, eta honen asmoarekin hizkuntza sexistak eta genero estereotipoak baztertzen saiatuko gara.
Maila kultural, sozial eta ekonomiko desberdinetako gizakiei aukera berdinak eskainiko dizkio Deustuko Ikastolak inolako diskriminaziorik gabe, proposatutako helburuak lortzeko. Horretarako behar diren neurriak martxan jarriko dira igartzen diren desorekak konpentsatzeko.
Ideia, portaera sozial, politiko, filosofiko eta erlijioso desberdinak errespetatuko dira, elkarbizitzaren kontra ez doazen heinean.
Deustuko Ikastola akonfesionala da. Dena dela, gurasoen aldetik eskaera egonez gero, erlijioa emateko aukera egongo da.